XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mikel zalbidek (1990, 212-271), 1936. urtea aurreko epealdian lau alfabetakuntz mota bereizten ditu, funtsean bat datorrena, halaber, Ana Eizagirre eta Paulí Dávila-k (1991, ELE, 27-56) egiten duten sailkapen historikoarekin:

Lehen aroa, XVI. eta XVII. mendeak besarkatzen dituena, arrazoi erlijiosoengatik egindako alfabetakuntzak ezaugarritzen du, horretarako erabilitako bide ohizkoenak izanik, herri soilari zegokionez, ahoz eta buruz ikasitako dotrina eta, klase ikasi funtsean klerikalari zegokionez, gai erlijioso ziharduten argitalpenak.

Lehen aro honetan, bada, proselitismo erlijiosoaren eskema aplikatu ezinik ez dago euskal kasuan, zeinetan erabakiorrak suertatu bait ziren, batetik, sermoietan eta dotrinaren irakaskuntzan herri-hizkuntzak erabiltzeko eskatuz Trento-ko Kontzilioak aldarrikatutako arauak eta, bestetik, calvinismoak euskal literaturari egindako ekarpenak Ipar Euskal Herrian, hauen artean aipatzekoak izanik Joannes Leizagarraren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571), Joana Albretekoaren, Nafarroako erregin calvinistaren enkarguz itzulia, eta ABC edo Christinoen instructionea (1571), egileak berak dakarren bezala, zuzenean alfabetakuntz xedeak dituena: bertze nazione guziek, zeinek bere lengoaiean bezala, Heuskaldunak ere berean duentzat zertan irakurtzen ikas ahal dezan... nesesario estimatu duela ABC hau bere instrukzionerekin Heuskaraz ere jar ledin.

Liburu honegatik dauka, hain zuzen, Piarres Xarritonek (1991, 12) Euskal Herriko alfabetzatzaileen aitatzat Bezkoitzeko idazlea.

Bigarren aroak XVIII. mendea hartzen du eta hemen, lehen mailako irakaskuntza hedatuz joan zen heinean, irakurketaren ikasketa dotrina eta debozioko liburuen bidez egin zen, zabalkunde-indar handiagoz Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino.

Hirugarren aroa, XIX. mendean, Frantzia eta Espainiako Estatuek beren hezkuntz sisteman hizkuntz uniformizatzea ezartzeari ekin ziotenekoa da, eta orduan, alde bietan, euskara erdarak irakasteko erabili zen eskoletan, irakaskuntzarako ama-hizkuntza zela egokiena pentsatzen bait zen.

Zuberoako J. B. Archu ikuskariak (1852) helburu horrekin prestatu zuen bere gramatika elebiduna.